XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Animalien fisiologia Taktismoak kinaden arauera sailkatzen dira: fototaktismoa, argiarekiko erantzuna; kimiotaktismoa, aldaketa sorterazten duena, substantzia kimikoa denean; timotaktismoa, ukimenak parte hartzen duenean, etab.

Azkenik, animaliak kontrolaturiko mugimenduak daude, bizitzeko beharrezkoa den funtzioren bat burutzeko izan daitekeelarik, esate baterako, harrapakina barailekin birrintzea, edo, bestela, desplazamendu-mugimenduak, adibidez animalia harrapakinari jarraitzen zaionean.

Mugimendu-moeta hau animalia sinpleenek ere egiten dute, adibidez protozooek, zilio edo flageloz horniturik ingurune likidotik higitzen direlarik, baina kasu hauetan lehenago ikusi ditugun taktismoekin elkarturik doaz, neurri handi batetan behintzat.

Belakiek edo zelenteratuek egiten dituzten mugimenduak, neurri handi batetan, era honetakoak dira.

Jarraian mugimendu konplexuak aztertuko ditugu, gorputz-egitura ezberdinen koordinaketa eskatzen dutenak.

Ornogabeen mugimenduak Zelomatuetan, ornogabe zein ornodun, iharduera motorea eskeleto, giharreria eta nerbio-sistemaz osaturiko unitate hirukoitzari esker lortzen da.

Atal honetan ornogabe zelomatuak ikusiko ditugu.

Platihelminte eta nematelminteek azalazpiko estratu moduko giharreria dute, eta beronen mugimendu motoreak nerbio-plexuak erregulatzen ditu.

Giharre-hodi honek zelomaren presioarekin batera, eskeleto hidrostatikoa osatzen du, animalia beronen desplazamenduetan laguntzeko balio duena.

Artikulatuen artean, anelidoek gorputzaren paretaren irtenuneak dituzte (parapodioak), sarri askotan giharreriarekin loturiko zurdez (ketak) hornituak.

Artropodoen exoskeletoa, ordea, eragin handiko elementu motorea da.

Kutikuluak irtenune artikulatuak ekoizten ditu, barrualdean giharrez hornituak (gorputz-adarrak), eta berauei esker animaliak edozein mugimendu egin dezake.

Beste askok irtenune zapalak dituzte (hegoak), giharreria sendoaz hornituak.

Bi moeta hauek, kontrolerako nerbio-gune eta burmuin antolatuari lotuak daude.

Lekuz aldatzeko mugimendu guztiak, exoskeletoaren zati zurrun eta giharre aktibatzaileen arteko palanka-efektuen bidez burutzen dira.

Molusku asko sesilak dira eta egiten dituzten mugimendu bakarrak arnasketakoak eta janaria harrapatzekoak dira, nahiz eta berorien larba askeak aktiboki higitu.

Beste batzuk, txibiek kasu, mantua indarrez uzkurtzean jaurtikitzen duten ur-txorroen bidezko sistema bulkatzailea garatu dute.

Barraskilo eta bareak bezalako lur lehorreko moluskuak substratuaren gainean narrastuz higitzen dira, giharre sendoez hornituriko oinaren bidez.

Itsas lakatzak arantzeekin palanka-efektua eginez mugitzen dira, eta itsas izarrak besoetan dituzten oin txikien bitartez, hots, sistema anbulakrala, arnasa hartzeko ere balio duena.

Ornodunen mugimendua Barruko eskeletoa, gorputza eusteaz gain, gorputzadarren euskarri gisa eta giharreriaren txertapen-gune moduan aritzen da.

Beronen funtzionamenduaren printzipio mekanikoa, artropodoen gorputz-adarrenaren analogoa da.

Talde xumeenetan, bai eta aurreratuago batzuetan ere, elementu motore nagusia bizkarrezurraren mugimendua da, bereziki uretako espezieen artean.

Geroago, gorputzadarrak azaldu ziren elementu laguntzaile gisa.

Arrainetan bular- eta uzki-hegalen forma hartzen dute, buztanak eta bizkar-hegalek txertapen zuzenik ez duten artean.

Arraina uretan bultzatzen duena gorputzaren suge-mugimendua da, buztanaren laguntzaz, hegalak batez ere orekatzaile gisa aritzen direlarik.

Lur lehorreko tetrapodoen artean gorputz-adarrak oraindik gehiago garatu dira, eta gorputza zolutik altxatzeaz gain, bulkatu egin behar dute, aurrera joan dadin.

Hegaztietan, aurreko gorputz-adarrak lumez estaliriko hego bihurtu dira, eta airea aurrera egiteko euskarri-puntutzat hartzen dute.

Saguzarren hatzamarren arteko mintzak funtzio berdintsua betetzen du.

5. Sugeak, irudiko boa bezala, narrastuz higitzen dira.

Euskarri-puntu moduan saihetsen muturrak erabiltzen dituzte, eta aurrera egiteko bulkada gisa gorputzaren uhindura jarraiak.

6. Zenbait tetrapodo, zaldiak kasu, lasterketaz baliatzen dira higitzeko, berorien espezializazio bikain bihurtu dutelarik.

Gorputz osoaren egitura iharduera honetara egokitu dute.